XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lexiko berrikuntzaz gogoeta egiteko Euskaltzaindiaren bilera asteburuan. Aita Intza, Oiregi eta Donostia kaputxinoei omenaldia eskainiko zaie

Gaur goizean hasiko dira lekunberriko Ayestaran hotelean lexikoaren berrikuntzaz Euskaltzaindiak eratu dituen ihardunaldiak, zeinen helburua, Jose Luis Lizundiak egunkari honi agertu zionez, erakunde inplikatu bakoitzak lexikoaren alorrean zer egiteko duen aztertzea baita.

Erakunde inplikatu horien artean aipagarriena Euskaltzaindiaren Hiztegi Batzordea bera dateke, Mitxelenaz gainera Ibon Sarasola, Mikel Zalbide, Rikardo Badiola, Xabier Kintana, Luis Mari Muxikak eta Txomin Pellenek osatzen dutena.

Era berean, UZEIko zenbait ordezkari ere bileraotako partaide izango dira eta Jaurlaritzaren boletina nahiz IBAP, Parlamentua, Euskal Herriko Unibertsitatearen erretoreordetza nahiz komunikabideek beren ordezkariak bidaliko dituzte, lexikoaren berrikuntzan premiarik larrienak dituztenak erakunde hauetako zenbait izaki.

Gaur goiz eta arratsaldez burutuko diren bileren ondoren, Euskaltzaindiaren hileroko batzarrea egingo da hotel horretan bertan.

Bertan Aita Damaso Intza, Aita Oieregi eta Aita Donostia kaputxinoei omenaldia egingo zaie, hiruak kaputxino eta euskaltzale izateaz gainera duela ehun urte jaioak izatea baitute bereizgarri komuntzat, Jose Luis Lizundiak egunkari honi seinalatu zionez, gerra aurretik euskararen alde Nafarroan sorturiko nukleorik gotorrena izan zen Lekarozko komentuan bilduriko hori.

Gerratean ordenako agintariek munduan zehar barreiatu zituen misiolari gisa euskaltzaleok eta beren jaiotzako mendeurrenean hitzaldi bana eskainiko zaie.

Jose Mari Satrustegik hitzegingo du gaur arratsaldeko bilera horretan Damaso Intzaren biografia eta obraz; Frantzisko Ondarra mintzatuko da Oieregiz eta Jose Antonio Arana-Martija Aita Donostiaz, hirugarren honek atzerrian eginiko lanaz bereziki, gutxi ezagutzen baita bere obraren atal hori.

Lexikoaren berrikuntzaz egiten diren bilera hauek bihar goizean izango dute jarraipena eguerdi aldera bukatuz.

Euskaltzaindiko buru den Villasantek aditzera eman duenez, duela bost urte egin zituen erakunde horrek Hondarribian lehen bilerak.

Bilera horretan hiru alor definitu ziren lexikogintzari dagokionean; hiztegi orokorrarena lehenik, horretarako batzordea sortuz, lexiko hiritartua eta lexiko berriarena bigarrenik eta hiztegi espezializatuen alorra hirugarrenik.

Geroztik, jakina denez, lehen alor hori lantzen aritu da Hiztegi Batzordea eta bigarren atalari eman nahi zaio bultzada berria gaur eta biharko bilera hauekin, egiteko horretan inplikaturik diren erakundeetako ordezkarien komunikazioak entzun eta aztertuz.

Azken batean, lexiko berrikuntza eratzeko estrategia bat eraiki nahi da, bakoitza bestearen alorrera sartu gabe lan egiteko bidea markatuz.